Gaurkotasuna

Egoera ahulean dauden adinekoei arreta eskaintzeko eredua

HURKOA Fundazioarekin elkarlanean ari da IKEI Gipuzkoan ahultasun-egoeran dauden adinekoei arreta eskaintzeko eredu bat zehazteko: bakarrik edo adinekoa den ezkontide edo familiako batekin bizi diren pertsonak dira eta ez dute familian beste babesik, ez eta sare sozialik ere. Horren ondorioz, isolatuta bizi dira eta ez dute behar adinako arretarik eta babesik jasotzen edozein kanpoko zein barruko faktore negatiboren aurrean.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri programaren helburuekin bat dator proiektu hau, lotura estua baitute gaietan eta lehentasunetan.  Batetik, “adinekoentzako etxeari” lotuta, Hurkoa Fundazioaren (www.hurkoa.eus) helburua adinekoek haien etxean baldintza duinetan bizitzen jarraitzea baita, eta hala behar dutenean, ondo artatuta egotea. Beraz, lotuta dago bizikidetzarako eredu berriekin eta sare sozialekin (beharrezkoak dira isolamendua saihesteko), baita ikuskatze-lanak egitearekin eta etxeko segurtasunarekin ere, ahultasunari eta haren ondorioei aurre egiteko. Bestetik, egoera ahulean dauden adinekoei eskaintzen zaizkien zaintza- eta arreta-zerbitzuen berrikuntza, zenbait gairen inguruan: pertsona horien eguneroko bizimoduaren kudeaketa, haien osasuna eta babesa etxean, prebentzioa eta, azken finean, hizpide dugun ahultasun hori saihestu eta horri aurre egingo dion arreta-eredu berria zehaztea.

Gipuzkoan dugun egoera xehe ezagutzeaz gain (kuantifikazioa eta kualifikazioa), proiektu honen bidez ahultasun-egoerak identifikatzeko eta ebaluatzeko metodologiak eta tresnak sortu nahi dira eta egoera horietan arreta eskaintzeko eredu bat zehaztu ere bai. Hori helburu izanik, proiektuaren beste zati batek gai honen inguruan Europan dauden jardunbide egokiak identifikatzea planteatzen du eta zehazki, Gipuzkoako eta Euskal Hirigune Elkargoko gizarte-zerbitzuen eta hirugarren sektoreko erakundeen artean mugaz gaindiko trukea egitea informazioa eta know-how delakoa partekatzeko.

1 - 24 elementuak ikusgai 368etik