Berriak

Aurkeztu ditu Kontsumobidek “Euskadiko kontsumitzaileek merkataritza elektronikoaren praktikan dituzten ohiturak eta haien asebetetze maila” azterlanaren emaitzak. IKEI-k ere parte hartu du azterlanean

Aurkeztu ditu Kontsumobidek-Kontsumoko Euskal Insitutuak, “Euskadiko Kontsumitzaileek merkataritza elektronikoaren praktikan dituzten ohiturak eta haien asebetetze maila” azterlanaren emaitza nagusiak. IKEIk egina da azterlana.

Azterlana egiteko, on lineko kontsumitzaile diren 600 pertsonari egin zaie inkesta eta azterlanaren helburua honako hauek jakitea izan da: euskal herritarrek on lineko erosketetan dituzten ohiturak, haien asebetetze maila eta on lineko erosketetan dagozkien eskubideak zenbateraino ezagutzen dituzten.

Emaitza nagusien artetik aipagarrienetako bat da, Euskadin erosketak on line egiten dituztenen % 32 ohiko erosleak direla, hau da on lineko 10 erosketa baino gehiago egiten dituztela urtean. Bestalde, on line erosten duten 10 pertsonatatik 8k 100 eurotik gora gastatu dituzte urte eta horietatik 4k 500 euro baino gehiago gastatu dituzte.

Erosketarekin asebeteta gelditzeari dagokionez, erabiltzaileen % 17k adierazi dute izan dutela gorabeheraren bat on lineko erosketa-prozesuari lotuta, batez ere erositako produktua akatsen batekin edo hautsita iritsi zaielako; produktua jaso ez dutelako; atzerapenak edo ordainketa-arazoak izan dituztelako. Gorabehera horiek izan dituztenean, pertsona kaltetu gehienek (% 80k) produktua edo zerbitzua eskuratzeko erabilitako webguneko arreta-zerbitzura jo dute. Askoz jende gutxiagok (% 11k) erabaki du gorabeherak konpontzeko zerbitzuetara jotzea; adibidez, kontsumitzaileen bulegora edo kontsumitzaileen elkarteetara.

On lineko kontsumitzaileei dagozkien eskubideak zenbateraino ezagutzen dituzten aztertzean ikusi dugu orokorra dela ezagutza-gabezia. On lineko erosketak egiten dituzten 10etik 9k ez daki zein den eskubidez dagokion gehieneko entrega-epea. Eta on lineko erosketak egiten dituzten 10etik 7k ez daki on lineko erosketetan eskubidez dagokion berme-epea. Horiez gain, % 73k ez daki atzera egiteko eskubidea zertan datzan. Eskubide horrek aukera ematen die produktu bat itzultzeko, erabakia justifikatu beharrik gabe eta zigorrik jaso gabe.

Txostenaren emaitzak aintzat hartuta, Kontsumobidek informazio-kanpaina bat abiarazi du herritarrei, on lineko erosketak egiten dituztenean, erabaki informatuak eta arduratsuak hartzen laguntzeko.

Informazio gehiago:  www.kontsumobide.euskadi.eus