Berriak

Zarauzko Udala IKEI-ren laguntzarekin bakarrik bizi diren adineko pertsonen gizarte-beharrak aztertzeko lana burutzen ari da

Ikerketa honen helburua ZARAUTZEN BAKARRIK BIZI DIREN 75 URTETIK GORAKO PERTSONEN egoera eta gizarte-beharrak ezagutzea da, eta kolektibo honi udalerriko gizarte-zerbitzuen arreta baliabideen eskaintza gerturatzea.

Joan den urriaren 17an Zarauzko Udaleko Gizarte-Zerbitzuek eta IKEI-k publikoki aurkeztu zuten proiektua (Albistea Diario Vasco-n; Albistea Zarauzkohitzan).

Ikerketaren metodologia bi hilabetetan zehar telefonoz zein pertsonalki adinekoen etxebizitzak bisitatuz burutuko diren inkestetan oinarritzen da. Hori egin ahal izateko, IKEI-k gizarte-langilez osaturiko inkestatzaile talde propio bat dauka, eta honi esker, bildutako informazioaren kalitatea, segurtasuna eta, batez ere, konfidentzialtasuna bermatzea lortzen da.  

Zeregin hori burutu ostean, Zarautzen bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako adineko pertsonen egoeraren eta beharren inguruko informazio zabala eta eguneratua bilduko da. Era berean, ikerketak udalerriko arreta baliabideen inguruko ezagutza-mailari eta egungo erabilerari buruzko datuak lortzea ahalbidetuko du. Horrez gain, baita etorkizunera begira esperoko den eskaria ere, horrela, eskaintza egokitzearen inguruko erabakiak hartzea erraztuko zaiolarik Zarauzko Gizarte-Zerbitzuei.  

Inkestaz gain, proiektuak beste mota batzuetako ekimen berritzaileak ere barneratzen ditu. Adineko pertsonei zuzenduriko Baliabideen Gida bat egin da eta iman bat diseinatu da Larrialdietako eta Gizarte-Zerbitzuetako telefonoak barneratzen dituena, behar ezkero eskura edukitzeko. Bi produktu hauek udalerriko adineko pertsonen etxeetara igorri dira. 

IKEI-k ezaugarri antzekoak dituzten beste ikerketa batzuk ere abian jarri ditu Zumaian, Arrasaten eta Pasaian.