Berriak

2020ko M&A balantzea eta 2021eko aurreikuspenak

Aurreikus zitekeen bezala, 2020. urteko ekitaldia guztiz ohiz kanpokoa izan da enpresen bat-egiteei eta erosketei dagokienez. Espainiako eragiketa korporatiboak ez dira SARS-CoV-2ak eragindako krisi ekonomiko globalaren eraginetik kanpo geratu, eta eragiketa kopuruaren murrizketa horren erakusgarri izango litzateke (ez ordea bolumenaren ikuspuntutik, 2020an egindako transakzioen tamaina 2019koa baino handiagoa da eta).

2020ko azaroko datuak ikusita, garbi bereizitako hiru alditan banatuta dago urte hau: konfinamendu epe aurretik (urtarriletik – martxoaren erdialdera), konfinamendu-aldia (martxoaren erdialdea – maiatza) eta konfinamenduaren ondoren, ezarritako murriztapenekin batera (ekaina – abendua).

Hala, 2019ko amaieran ikusitako eragiketa kopuruen nolabaiteko jarrera dinamikoaren ondoren, beheranzko joerarekin hasi zen 2020a. Joera hau argi eta garbi ikusten da martxoaren erdialdetik aurrera, konfinamenduaren hasierarekin batera, eta hurrengo hilabeteetan, herrialdeko jarduera ekonomikoa eta soziala “murriztua” zegoen momentuetan, jarduera maila baxuan mantentzen da. Nola ez, martxotik maiatzera bitartean, enpresek egoera ekonomikoari ahalik eta hobekien aurre egiteko behar ziren neurriak definitzen eta gauzatzen zentratu ziren. Era berean, inbertsio-funtsek beren inbertsio-planak albo batera utzi zituzten partaidetuen bideragarritasuna ziurtatzeko, hori guztia enpresei likidezia emateko maileguak izapidetzean zentratutako zor-merkatu batekin, M&A eragiketa alboratuen kalterako. Honen ondorioz, bi ondorio sortzen dira: i) konfinamendu aurretik martxan zeuden eragiketak moteltzea, eta ii) prozesu berriak geldiaraztea, nagusi den ziurgabetasunagatik.

Horrela, gure M&A news-an jasotzen den bezala, 2020an, M&A eragiketen kopurua %15 jaitsi da aurreko urteko epe berarekin konparatuta (1.676 eragiketa 2020ko azaroan eta 1.979 eragiketa 2019ko azaroan). Bestalde, eragiketa itxien kudeatutako bolumen osoa 76.000 milioi eurotik gorakoa izan da 2020ko azaroak arte (bolumen agregatua, transakzio-balioa argitaratuta duten 598 eragiketari dagokio), eta kopuru horren %65a 2020ko ekainetik azarora bitartean itxi egin da.

Estatuko inbertsoreak argi menderatu dituzte Espainiako eragiketak urtean zehar (eragiketen %68k jatorri nazionaleko inbertsore bat du), eta arrisku-kapitalak eragiketa itxien %10ean parte hartu du, aurreko urteko antzeko portzentai batean.

Prezioari dagokionez, negozio-balorazioak eta eragiketa itxietako salmenta-prezioak ondo jasaten ari dira oraingoz. Aztertutako eragiketak ikusita, oro har, egungo multiploak Covid-19ko krisia baino lehen lortutakoen antzekoak dira, batez ere birusak gutxien kaltetu dituen enpresetan (eta ekitaldi honetan gauzatutako eragiketa gehienak osatzen dituztenek). Zehazki, "erresilientetzat" jotako jardueren enpresen batez besteko salmenta-prezioa ere %20 inguru hazi da hirugarren hiruhilekoan, duela urtebeteko batez besteko prezioarekin alderatuta. 

2021eko Aurreikuspenak

Konfinamendu-hilabeteetan izandako geldialdiaren ondoren, maiatzetik aurrera M&A-ren jarduera berriro aktibatzen da. Egia da, hala ere, ekainean eta uztailean itxi ziren eragiketa asko aurreko hilabeteetan stand by egoeran mantendu ziren prozesuetatik zetozela (hortik dator ekainean eta uztailean formalizatutako transakzioen gailurra). Urteko azken hiruhilekoan ikusten den erritmoari esker, M&A merkatuak V formako nolabaiteko berreskurapena izan duela ikus daiteke, 2021ean zehar mantentzea espero dena (2022rako bat-egiteen eta erosketen merkatua pandemia baino lehenagoko mailetan egongo dela espero da). Baieztapen hori jasateko arrazoietako batzuk hauek dira:

Alde batetik, inbertsio-funtsen likidezia maila handia. ASCRIk, sektoreko patronalak, emandako datuen arabera, Espainiatik kudeatzen diren funtsek 4.000 milioi euro inguru dituzte eskuragarri gure herrialdean inbertitzeko.

Bestetik, industria-aktoreek izango duten rola, beren balantzeak egituratu ondoren eta egoerak beren garapen-planei berriro heltzea eragotzi ez dieten bitartean, hazten jarraitzeko eta lehiakortasuna indartzeko, aktibo estrategikoetan inbertituz, bai baliabide propioekin bai finantza-laguntzekin (private equity, banku-finantziazioa…).

Hirugarrenik, 2020ko ekitaldiko egoeraren eragina jasan duten enpresen taldeen negozio-ereduek eta negozio-egiturak eta -estrategiak merkatuaren eskaeretara egokitzera behartuko dira bideragarriak izaten jarraitzeko. Ondorioz, enpresek “core” gisa hartzen ez dituzten aktiboen desinbertsioa erraztuko dute.

Azkenik, sektoreen ikuspegitik, krisiak gutxien kaltetu dituen sektoreetan (zerbitzuak, kontzesioak, energia, azpiegiturak…) edo krisiak mesede egin dien sektoreetan eragiketen konzentrazioa aurreikusten da, osasunaren, bioteknologien eta nekazaritzako elikagaien sektoreetan gertatu den moduan. Ez dira ahaztu behar eraldaketa teknologiko eta digitalarekin lotutakoak; izan ere, sektore horiek iraganeko eragiketen arrazoi ziren, eta egoera honetatik indartuta atera ziren.

Gauzak horrela mantenduz eta txertoak iristeak munduko ekonomiari bultzada bat emango diolakoan, 2021ari nolabaiteko baikortasunez aurre egingo diogu enpresen bat-egiteen eta eskuraketen merkatuan. 

Enpresen erosketa eta salmenta eragiketa korporatiboen inguruko xehetasunak adierazten ditugun M&A news-a helaraztea nahi izango bazenu, jarduera sektore nagusienetan erabilitako multiploen balorazioaren inguruko informazioarekin, mesedez jakinarazi iezaguzu ondorengo inprimakiaren bitartez (harpidetzeko esteka).