Berriak

Nola lagundu adineko langileen lan-munduratzeari Europan

IKEI-k adineko pertsonen lan-munduratzea erraztera bideraturik dauden ekimenen inguruan Eurofoundek burutu duen ikerketan parte hartu du. Neurri hauen barruan sartzen dira, esate baterako, diru-laguntzak eskaintzea langileei edota enpresei, lan-ordutegi malguak ahalbidetzea, edo borondatezko erretiroari erakargarritasuna kentzea.

Adineko langileen kolektiboak ezaugarri espezifiko batzuk ditu, zeinak lan-merkatuan eduki ditzaketen (ber)integrazio aukerak baldintzatzen dituen, aldeko zenbait ezaugarrirekin, baina baita beste zenbait kontrakoekin ere. Kolektibo zehatz honek dituen berezitasunak ikusirik, Eurofound-en (Bizi- eta Lan-Baldintzak Hobetzera zuzenduriko Europako Fundazioaren) txostenak Europar Batasuneko Estatu-Kideentzat erabilgarri dauden hainbat neurri publiko jasotzen ditu, azken hauen helburua adineko langileen lan-munduratzea erraztea izanik, eta arreta berezia jarriz arrazoi ekonomikoengatik kaleratuak izan diren adineko langileei zuzenduriko ekimenetan. Ikerketa honek berak onartzen du tresna gutxi daudela horren kolektibo espezifiko batentzat, eta, ondorioz, estaldura zabalagoa duten neurriak barneratzen ditu, oro har langabezian dauden adineko langileei zuzenduak, edo arrazoi ekonomiko edota enplegua erregulatzeko espedienteengatik kaleratuak izan diren langileentzat, edozein delarik euren adina. Adibideen barruan sartuko genituzke adineko pertsonen enplegua babesteko neurriak, borondatezko erretiroari erakargarritasuna kentzea, adinari loturiko estereotipoak murriztea, lan-ordutegi malguak erraztea, formakuntza eta lan-mugikortasuna sustatzea, lanpostuak egokitzea osasun-arazo posibleen aurrean, diru-laguntzak eskaintzea langile edota enpresei, etab.

Txosten osoa ondorengo estekan klik eginez deskargatu dezakezu (Eurofound-en webgunetik):
Eurofound):https://www.eurofound.europa.eu/sites/default/files/wpef18003.pdf