Berriak

Euskadiko Gizarte Ekonomiaren Sailarteko Lehen Plan Estrategikoa

IKEIk Eusko Legebiltzarrean aurkeztu den Plan hau egiten lagundu du, "Lurraldean errotutako kolektiboaren indarra" izenburupean. Planak gizarte-ekonomiako familia guztien ikuspegi integrala hartzen du, eta inplikatutako Eusko Jaurlaritzako sailen ekarpenak jasotzen ditu. Horri esker, koherentzia, osagarritasuna eta koordinazioa ematen zaie inplikatutako politika eta araudiei, eta lau urtean 328,5 milioi euroko inbertsio publikoa egitea aurreikusten du.

Gizarte Ekonomiako Planak legegintzaldi honetan Jaurlaritzak gizarte-ekonomiaren eginkizuna indartzeko dituen helburuei erantzuten die, eta hori osatzeko, 2021eko martxoaren 4an onartutako legebiltzar-akordioa onartu zen, gizarte-ekonomiaren esparru estrategiko bat lantzeko, sailen arteko zeharkakotasunetik eta sektorearen parte-hartzetik abiatuta.

Era berean, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian finkatutako helburuari erantzuten dio. Estrategia horren arabera, ekintzailetza kolektiboa da hamarkada honetan gehien landu beharreko ardatzetako bat, frogatuta baitago proiektuei ekiteko modu kolektibo horrek hobeto egokitzen duela energia- eta ingurumen-eraldaketa handien, eraldaketa digitalen eta aldaketa soziodemografiko handien ondoriozko egoera aldakorretara. Horrez gain, Europako Batzordeak Gizarte Ekonomiaren Europako Plana onartu berri du. Plan horrek lankidetzazko eta partaidetzazko ekonomiaren formulan sakontzearen aldeko apustua egiten du, eta Euskadik esperientzia luzea du sektore guztietan.

Esparru horretan, Gizarte Ekonomiak ordezkatzen dituen balioak definitzen dira. Balio horiek, Nazio Batuen 2030erako Garapen Iraunkorrerako Helburuei erreferentzia egiten diete: tokiko garapenarekiko konpromisoa, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna, gizarte-kohesioa, gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonak gizarteratzea, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa sortzea, bizitza pertsonala, familiarra eta lanekoa bateragarri egitea eta iraunkortasuna bultzatzen duen gizartearekiko elkartasuna sustatzea.