Berriak

Eibarko Udalak jardunaldi profesionala antolatu du Errebalgo Merkatuaren etorkizuna kontrastatzeko sektoreko eragileekin

Urriaren 7an, Eibarko merkatuaren etorkizunari buruzko eztabaida irekia izan zen Udaletxeko Bilkura Aretoan. Alberto Albistegui alkateordearen presentziarekin, eta publiko ugariren aurrean, IKEIk eztabaida profesional bat bultzatu zuen Errebal Eraikineko Postu Finkoen eta Kafetegiaren gunearentzako alternatibarik onenari buruz hausnartzeko.

Bertan Eibarko hainbat sektoretako profesionalek, merkatariek, baserritarrek eta ostalariek hartu zuten parte, eta herritarrak eta erakundeetako ordezkariak ere egon ziren publikoaren artean. Gainera, Euskal Herriko merkatu nagusien kudeaketaren ardura dutenak ere hurbildu ziren bertara, hala nola Karmele Agirre (Bretxako Merkatua), Asier Beato (La Ribera Merkatua), Eloy Lopez de Foronda (Abastos Vitoria), Juan Abrisqueta (CC Niessen Errenteria) eta Josu Labaka (Azpeitiako Azoka).

Jardunaldia hasteko, 2013. urtean hasi eta nolabaiteko polemika eragin duen partaidetza-prozesu batetik eratorritako proposamenak aurkeztu ziren.  Prozesu horrek helburu eta eduki batzuk ezarri zituen Errebal Eraikin osoaren etorkizunerako. Hain zuzen ere, alternatiba horien inguruan lan egin du IKEIk azken urteotan, hauen iraunkortasuna eta horietako bakoitzak udalerriari emango liokeen balioa aztertuz.

Azkenik eztabaida bizi bat eman zen, Errebaleko Merkatu eredu berriaren oinarriak finkatzearekin amaitu zena. Gainera, Udalaren aldetik bilera honen aurretiazko planteamenduak aldatzeko konpromisoa lortu zen.