Berriak

Hasi da “Eibarko PYME Plana”ren bigarren edizioa. Bertan IKEI-k Eibarko 15 enpresa industrialei laguntza eskainiko die.

Udalerriko industria-sarea indartzeko eta lanpostu berriak sortu ahal izateko, Eibarko Udaleko Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak “Eibarko II. PYME Plana” jarri du abian. Plan horri esker, 50 langile baino gutxiago dituzten udalerriko 15 enpresak 12 hilabetetan zehar laguntza espezializatua eta banakakoa jaso ahal izango dute 2020an, lehiakortasuna handitzeko helburuarekin.

Ekimena otsailaren 20an aurkeztu zen Eibarko Armeria Eskolan egin zen Lehiakortasun Jardunaldian. Jardunaldi horretan, IKEIko aholkulari-taldeak programaren helburuak eta ezaugarri nagusiak aurkeztu zizkieten programan parte hartzeko interesa zuten hainbat enpresari. Horrez gain, Manufacturas Resort eta Trust Eibarrés-eko arduradunek ere parte hartu zuten. Enpresa horiek “PYME Plana” lehen edizioaren onuradun izan ziren, eta parte hartzean izandako esperientzia azaldu zuten. 

Era berean, jardunaldian parte hartu zuten Pyme-ak aurre-diagnostiko ariketa bat egiteko aukera izan zuten, IKEIren aholkularitza-taldeak garatu eta balioztatutako tresna baten bidez.

Programan behin betiko parte hartuko duten 15 enpresak hautatu ondoren, horietako bakoitzak, IKEIko aholkulari-taldeko kide batekin batera, egoeraren azterketa xehatua egingo du, enpresak hobekuntza-eremu potentzialak eta enpresa bakoitzaren hazkunde-ahalmena atzeman ondoren, banakako ekintza-planak zehaztuko ditu.

Une horretatik aurrera, programa jarraituz, aholkulari-taldeak enpresei lagunduko die definitutako planak martxan jartzen eta haien jarraipena egiten, 2020ko abendura arte. 

Bigarren “PYME Plana” edizio hau, neurri handi batean, programaren aurreko edizioan enpresa parte hartzaileek lortutako emaitza eta balorazio onengatik sortu da. Enpresa parte hartzaile horiek ere IKEIren aholkularitza izan zuten, eta 2019ko azaroan amaitu zen.