Consultoría de dirección
Sector público

"Mikroelektronikaren sektorea Euskadin" azterlana aurkeztu da, IKEI eta Octantis aholkularitza-enpresek egina eta Basque Microelectronics Hub (BMH), GAIA Klusterrak, Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk sustatua

Txostena joan den urrian aurkeztu zen Bilbon, enpresa-eragileekin, zentro teknologikoekin, unibertsitateekin, lanbide-heziketako zentroekin eta erakundeetako arduradunekin egindako jardunaldi batean. Txostenak euskal ekosistemaren erradiografia zehatza eskaintzen du.

Proiektuak hiru helburu ditu: (i) Euskadin sektorea osatzen duten eragileak identifikatzea eta aintzatestea; (ii) aukera-eremuak eta -nitxoak mugatzen aurrera egitea; eta, batez ere, (iii) euskal mikroelektronikaren ekosistemak duen garrantzia ikusaraztea. Izan ere, ekosistema hori, ikerketaren eta enpresen artean egituratuta egonik, balio erantsi handiko irtenbideak ematen ari da, bai eta erronka garrantzitsuei aurre egiten, eta erronka horiei bultzada eta konponbidea eman beharko zaie inplikatutako eragile guztien lankidetzatik.

Tomas Iriondok, GAIA Klusterraren zuzendari nagusiak, nabarmendu duenez, azterlan honek "tresna estrategikoa izan nahi du erabakiak hartzeko, bai publikoak bai pribatuak, mikroelektronikaren balio-katea indartzeko, inbertsioa sustatzeko eta erakartzeko, eta talentuaren prestakuntza bideratzeko, ekosistema kohesionatuagoa eta lehiakorragoa sustatuz".

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendari den Elixabete Garcia Caballerok adierazi duenez, diagnostiko hori Eusko Jaurlaritzaren Industria Planak zehaztutako "ahalegin estrategikoan" sartzen da, "funtsezko sektoreak indartzeko, balio-kateak osatzeko eta industria-eredu iraunkorra eraikitzeko".